Adimena gaitasun mental bat da, arrazoitzeko, ideia konplexuak ulertzeko, ingurunera egokitzeko, eguneroko bizimoduko arazoak konpontzeko eta esperientziatik ikasteko balio diguna. Bikaintasunaren oinarri delakoan, kultura ugarik identifikatu eta bultzatu nahi izan dute historian zehar, baina XX. mendera arte ez ziren hedatu supergaitasuna eta gaitasun handia kontzeptuak.
Mende horren hasieran, Alfred Binet psikologo eta pedagogo frantsesak ikasleen gaitasuna neurtzeko lehen testak prestatu zituen. Gaitasun aritmetikoa, ulermena eta hiztegiaren ezagutza neurtzen zituzten, zehazki. Helburua, berriz, ez zen gaitasunik handiena zutenak identifikatzea, baizik eta Frantziako hezkuntza-sistema antolatzen laguntzea. Izan ere, multzo oso heterogeneoak osatu behar zituen sistemak, sei eta hamalau urte bitarteko herritar guztiak nahitaez eskolatu beharra zegoela erabaki berria baitzuen Frantziako gobernuak.
Handik urte gutxira, Bineten testak berrikusi eta handitu egin zituen Termanek, Stanfordeko unibertsitateko irakasleak. Lehen Mundu Gerrarako soldadugaiak sailkatzeko erabili zituen lehenbizi; eta, ondoren, ikastetxeetan. Honako hau ondorioztatu zuen Termanek bere ikerketetan: zenbat eta puntuazio handiagoa atera testetan —Koefiziente Intelektual (KI) handiagoa, alegia—, orduan eta handiagoa zela bizitzan arrakasta izateko aukera. Termanen iritziz, berezkoa, finkoa eta neurgarria da gaitasun handia. Pertsona berezi batzuek bakarrik daukate, eta halakoak ez direnek ez bezalako ezaugarri kuantitatiboak eta kualitatiboak dituzte. Ikuspegi hori abiapuntutzat hartuta, Termanek adimen-koziente handiaren parekotzat jotzen zuen gaitasun handia, eta iritzi hori hedatzen lagundu zuen. Goi-mailako gaitasunei buruzko ikuspegi hori nagusitu zen XX. mendean.
Mende horren bigarren erdian, baina, zalantzan jartzen hasi zen adimena test bidez neurtzearen balioa, ordurako psikologia kognitiboa eta neurozientzia aurrerapen handiak eginak baitziren. Izan ere, testek zenbait arlori buruzko informazioa ematen zuten, baina ez gizakia erantzun hau edo hori ematera eramaten duen prozesu kognitiboaren gainekoa. Bestalde, gehien erabiltzen ziren testek ez zituzten aintzat hartzen irudimenaren, intuizioaren eta sormenaren alorreko itemak, gaur egun adimenaren osagaitzat jotzen direnak guztiak ere. Edgar Morin soziologoaren eta beste zenbait adituren ustez, «balio partziala, osatugabea, lokala, erlatiboa… baino ezin dute izan adimen-neurketek».
Adimenari buruzko teoria berriak prozesuei erreparatzen hasi ziren, eta sentimenduen nahiz emozioen ahalmena aintzat hartzen. Testuinguru horretan, gaitasun handia talentuaren garapena dela esaten hasi zen zenbait aditu. Ikuspegi horrek esku hartzeko zenbait eredu ekarri zituen; eta, horiekin, ikaslerik gaituenak identifikatzeko eta ebaluatzeko hainbat prozedura. Eredu horien artean, aipatzekoak dira Gagné, Subotnik, Stanley, Renzulli eta Van Tassel Baska-renak, besteak beste. Adimenaren ikuspegi orokor batetik harago jo zuten aditu horiek guztiek, eta eremu jakin eta zehatz batzuetan aztertu zuten talentua, 130tik gorako adimen-kozientearekin lortzera mugatu gabe.
Garrantzitsua da kontuan izatea gaitasun handia ez dela zer erreal bat —ez da diabetesa edo garaiera bezalakoa—, baizik eta eraikuntza sozial bat, hezkuntza-sistema orokorrak premiak behar bezala asetzen ez dizkien ikasleak identifikatzeko asmatua. Beraz, honako helburu honekin sortu zen gaitasun handiaren kontzeptua: ikasteko gaitasun-maila ohikotik gorakoa zuten ikasleei aukerak ematea, hezkuntza-sistema gehienak gidatzen zituen berdintasun-printzipioari jarraikiz. Sistema malgutu eta ikasle bakoitzaren erritmora eta ikaskuntza-estilora egokituz gero, talentuaren garapena sustatzeaz gain, zenbait arazo saihesten dira: desmotibazioa, arretarik eza, ohiko sisteman ikasle horiek batzuetan izaten dituzten jokabide disruptiboak…
Baina, konstruktu soziala den aldetik, ez dago esaterik nondik aurrera hasten den ikasle bat besteak ez bezalakoa izaten, gaitasun handikoa izaten. Gerta daiteke 125eko adimen-kozientea duten ikasle batzuek esku-hartzea behar izatea, eta 140koa duten beste batzuek behar ez izatea.
Funtsezkoa da horretaz jabetzea, ulertu behar baita zentzugabekoa dela identifikatzea eta ez esku hartzea, esku hartzeko premiak ekarri baitzuen, hain justu ere, identifikatzearen beharra. Pertsona bat ez “da” gaitasun handikoa, garatu ahal izateko arreta berezia behar duen gaitasun baten jabe baizik. Halaber, garrantzitsua da jakitea, hautatzen den esku-hartze ereduaren arabera, gaitasun handiaren definizioa ezberdina izan daitekeela.