Kontuan izan behar da kolektibo heterogeneoa dela, nahiz eta badituzten ezaugarri komunak, hala nola:
- Gaitasun intelektual apartak, eta goi-mailako oroimen-funtzioak.
- Besteek baino azkarrago eta errazago jasotzen dute informazio berria, baita konplexuagoa bada ere.
- Besteena baino sakonagoa da haien ikaskuntza-maila, eta errepikapen gutxiago behar dute.
- Trebetasun aurreratuak dituzte hizkuntzarako, arrazoibiderako eta elkarrizketarako.
- Jakin-min aseezina dute
- Modu intuitiboan ulertzen dituzte kontzeptuak
- Ideia desberdinak uztartzeko gaitasun handia dute
- Sentikorragoak dira
Gaitasun horietako askoren jatorrian garunaren egitura eta funtzionamendu desberdina dago: besteek baino eraginkortasun neural handiagoa dute. Horri esker, modu selektiboan eta aldi berean aktibatzen zaizkie eginkizuna ebazteko eremuak, kontsumo metaboliko kortikal txikiagoa dute; eta, mielinizazioa nahiz sare sinaptikoen aberastasuna, handiagoak.
Besteenak ez bezala atzitzen, ulertzen eta interpretatzen du errealitatea adimen-gaitasun handiko ikasleen garunak; alabaina, emaitza bikainak lortzeko ahalmena ez datza haien garunaren arkitekturan soilik, beste faktore batzuek ere eragina dute: motibazioak, bakoitzaren izaeraren ezaugarriek, perfekzionismoak, inguruneko baldintzek (eskolak, familiak, gizarteak eta abar).