Esku hartzeko urratsak

Gomendatzen dugu gai horretan aditua den psikologo kliniko batek egitea adimen-gaitasun handiaren identifikazioa. Egin beharreko testak betearazteaz gain, psikologoak zenbait jarraibide eskaini behar dizkie familiei, beren semearen edo alabaren heziketa sozial, emozional eta kognitiborako.

Eskolan, berriz, indarrean den legediak agintzen du goiz detektatu behar dela adimen-gaitasun handia. Euskadin, aldeak daude hezkuntza-etapa batzuetatik beste batzuetara:

  1. Haur Hezkuntzan, badago nahitaezko identifikazio goiztiarreko protokolo bat, adimen-gaitasun handiari buruzko itemak ere badituena.
  2. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, detekzio sistematikorako lehen pausoak ematen ari da Hezkuntza Saila, baina prozesu hori pilotaje-fasean dago egun. Aplikazio orokorrari ekin aurretik, eta ikasleren batek adimen-gaitasun handia duela susmatuz gero, tutorearekin harremanetan jartzea gomendatzen da. Tutoreak ikastetxeko orientatzaileari eman behar dio susmoen berri; eta, hala badagokio, Berritzeguneari, ikaslearen ebaluazio psikopedagogikoa egiteko eta beharrezko jotzen dituzten gomendio akademikoak finkatzeko.

 

Hezkuntza Sailaren helburua hiru fase ezartzea da:

 

Lehen fasea: iragaztea

Lehen Hezkuntzako bigarren hiruhilekoan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen hiruhilekoan, irakasle tutoreek eta irakasle aholkulariek edo orientatzaileek hauxe egin behar dute: ikaslearen behaketa amaitu eta adimen-gaitasun handien ezaugarriei dagozkien adierazleen gaineko galde-sorta bete.

Iragazte-prozesu horren hasieran, zenbait alor behatuko dira, proposatutako itemei erantzuteko.

Bigarren hiruhilekoan, berriz, informazioa familien datuekin osatu behar da. Horretarako, iragazte-fasean nabarmendu diren ikasleen familiekin bilerak egin behar dira, banaka.

Honako irizpide hauen arabera sailkatzen dira itemak:

  • Eremu kognitiboa.
  • Ikasteko estrategiak.
  • Sormena eta irudimena.
  • Arlo sozioemozionala.
  • Motibazioak eta interesak.
  • Errendimendu akademikoa.

Puntuaziorik handienen % 70 gainditzen duten ikasleak hurrengo fasera igaroko dira. Fase horretan, tutoreak irakasle aholkularien edo orientatzaileen laguntza jasoko du informazioa osatzeko, beste iturri batzuez ere baliatuz, eta Berritzeguneetako hezkuntza-premia bereziei buruzko aholkularitza psikopedagogikoa jasoz.

Dena dela, gaitasun handien ezaugarriak eta premiak atzeman edo detektatu bezain laster, esku hartu behar da, detekzio-prozesu osoa amaitzeko zain egon gabe.

 

Bigarren fasea: berariazko detekzioa

Lehen Hezkuntzako lehen mailako hirugarren hiruhilekoaren eta bigarren mailako lehen hiruhilekoaren artean, eta DBHko lehen mailako bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, berariazko probak egiten dira, arloka, ikasleen gaitasun nabarmenenei buruz —sormena, musikarako gaitasuna, lidergoa, trebetasun psikomotorrak, gaitasun matematikoa eta abar— jasotako datuen arabera.

Ikastetxean, honako jarduera hauek egin behar dituzte irakasle tutoreek, aholkulariarekin eta orientatzailearekin batera:

  • Familiarekin elkarrizketa egin, dagokion galde-sorta erabiliz.
  • Ahozko eta idatzizko ekoizpenak, marrazkiak, lanak eta abar aztertu.
  • Renzuli interes-inbentarioa.
  • Balorazio sozioemozionala.
  • Irakasleentzako galde-sorta.
  • K-BIT screeningerako proba osagarria.
  • Sormen-probak (CREA eta PIC-N, besteak beste).
  • BADYG-Erekin informazioa osatzeko aukera.
  • Rogers-en galde-sortak (irakasleak, familiak, ikasleak).

Jasotako informazio guztiarekin banakako profil bat osatu behar da. Profila gaitasun handiko ikasleen ezaugarriekin bateragarria baldin bada, Berritzeguneetako aholkularitza-zerbitzuek balorazio psikopedagogikoa egin behar dute, irakasle aholkulari eta orientatzaileen laguntzaz, testuingurua eta hainbat alderdi aintzat hartuta.

Honako kasu hauetan hirugarren fasera igaro behar da, eta beharrezkoa izango da balorazio psikopedagogikoa:

  • Ikasleak apartekotasun bikoitza baldin badu.
  • Haren gaitasun-maila kronologikoki dagokiona baino askoz handiagoa baldin bada.
  • Egoera pertsonala dela eta (ingurune sozial ahula, adibidez), ikaslea proposatutako tresnekin baloratu ezin bada.
  • Ikasleak hezkuntza-arreta jasotzeko premia duelako aparteko neurriak hartu behar badira; adibidez, curriculuma malgutzea.

Fase horretan datu esanguratsuak jasotzen direnean, komeni da atzemandako premiak asetzeko hezkuntzako esku-hartze bat prestatzea ikastetxean, detektatutako ikasleen garapen pertsonalari, sozialari eta akademikoari laguntzeko.

 

Hirugarren fasea: balorazio psikopedagogikoa

Gaitasun handiko ikasleak identifikatzeko prozeduraren osagarria da balorazio psikopedagogikoa. Horretarako, Berritzeguneetako hezkuntza-premia berezien gaineko aholkularitza-zerbitzuen banakako ebaluazioak egiteko testak eta prozedurak erabili behar dira.

Txosten diagnostikoak zerbitzu mediko edo kabinete psikologiko pribatuek eginak badira, honako hau zehaztu behar da: zer proba egin zaizkion ikasleari, eta proba horien emaitzak eta karatula. Osakidetzako txosten diagnostikoei dagokienez, berriz, Osasun eta Hezkuntza Sailen arteko informazio-trukeetan zehaztutakoa aintzat hartu behar da (Hezkuntza-Osasun Mentala Lankidetzaren Eremu Orokorra).

Bai hasierako balorazio psikopedagogikoa, bai ondorengo azterketa gauzatzeko, zergatik eta zertarako egiten diren jakinarazi behar zaio ikaslearen familiari edo legezko tutoreari, eta baimena eskatu behar zaie balorazioa eta probak egiteko (beharrezkoak baldin badira); ondoren, emaitzen, eskolatze-proposamenaren eta, hala dagokionean, proposatutako neurrien berri eman behar zaie.

Helburua ikasleen hezkuntza-premiak, indarguneak eta hobetu beharreko arloak detektatzea da, eta, balorazio horren bidez ahal den informazio guztia jasotzea, esanguratsua baldin bada ikasleen hezkuntza-premietarako eta esku hartzeko programa-mota hautatzeko (aberastea, curriculuma handitzea, malgutzea).

Berariazko jarraibide batzuk prestatuko dira horretarako, esku-hartzea noiz egitea komeni den jakiteko eta hura zehazteko.

Balorazioak eremu ugariri buruzko informazioa jaso behar du. Honako hauek dira, hain zuzen:

  • Alderdi kognitiboak, adimen-probak eginez.
  • Adimen orokorra eta berariazkoa, supergaitasunik edo talenturik badagoen jakiteko.
  • Sormen-maila.
  • Curriculum-gaitasunaren maila.
  • Hezkuntza-arretarako esanguratsuak diren alderdi emozionalak eta interakzio sozialekoak.
  • Hezkuntza- eta familia-alorretako faktore esanguratsuak.
  • Ebaluatzaileak premiazko jotzen dituen beste zenbait alderdi.

Honako kategoria hauen arabera sailkatzen dira ebaluazio-tresnak:

  • Adimen orokorrari buruzko testa.
  • Gaitasun espezifikoei buruzko testa.
  • Betetze-mailari edo errendimenduari buruzko testa.
  • Sormenari buruzko testa.
  • Ebaluazio psikoemozionalerako testa.

Esku-hartzea

Esku-hartzea egoki eta eraginkortasunez antolatzeko, HELBURUAK zehaztu behar dira, ikaslearen alderdi kognitiboak, sozialak eta emozionalak kontuan hartuz. Helburu horiek lortzeko, berriz, ZENBAIT EGINKIZUN ezarri behar dira. Halaber, hartutako neurrien eraginkortasuna EBALUATZEKO ETA JARRAIPENA EGITEKO EGUTEGIA prestatu behar da. JARDUERA-PLAN PERTSONALIZATU batean jaso behar da hori guztia.

Neurri hauetako bat har daiteke, edo aldi berean bat baino gehiago:

  • Curriculuma aberastea
  • Curriculuma egokitzea
  • Curriculuma malgutzea

CURRICULUMA ABERASTEA:

Neurri arrunta izaki, Berritzeguneak ez dauka esku hartu beharrik. Curriculumaren edukietan sakontzean datza, edo alorrak elkarri lotzean.

Banaka edo taldean aplika daiteke.

Curriculuma aberasteko era eta eredu ugari daude. Oro har, ikasteko modu dinamikoagoa eta errealitateari atxikiagoa sustatzen dute, erronkei edo arazoei aurre egiteko gogotsuago jardun dadin ikaslea.

Ikasgelan, berriz, zenbait estrategia metodologiko eta teknika erabil daitezke; besteak beste, kutxa magikoak, aberaste-karpetak, Pentsateka, gamifikazioa, gogoeta-errutinak, Flipped Classrooma, Visual Thinkinga eta abar. Garrantzitsua da azpimarratzea, estrategia horiek eraginkorrak izan daitezen, kalitatezko interakzioak behar direla.

 

CURRICULUMA EGOKITZEA:

Neurri hori aplikatzeko, beharrezkoa da Berritzeguneak esku hartzea. Xedea: goragoko ikasturteetako edukiak txertatuz, curriculumaren zati bat zabaltzea.

 

CURRICULUMA MALGUTZEA:

Ikasturte bat edo bi aurreratzean datza. Neurri hori hartzeko, oso kontuan izaten da ikaslearen heldutasun-maila, eta Berritzegunearen onespena behar da.

Neurri horiek eraginkorrak izan daitezen, lehenbizi TRINKOTU EGIN BEHAR DA CURRICULUMA, hau da, ikasleak jada menderatzen dituen edukiak programaziotik kendu egin behar dira.

Lehen Hezkuntzan identifikatutako ikasleek ez dute egin behar DBHko screeninga, eta etapa horretan dauzkaten premia zehatzei egokitu behar zaie hezkuntza-plana. Dena dela, ikaslearen garapen-prozesuaren eta heldutasun intelektualaren balorazioa egin behar da DBHn.

Ondoren, familiei balorazio psikopedagogikoaren emaitzak eman behar zaizkie.