2019ko ekainean, Euskal Autonomia Erkidegoko adimen-gaitasun handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko plana argitaratu zuen Hezkuntza Sailak. Hezkuntza arloko eragile guztiek hartu zuten parte plan horren prestaketan, Aupatuz ere barne zela.
EAEko adimen-gaitasun handiko ikasleak detektatzeko eta horiei arreta emateko esparru teoriko eta praktikoa sortzea da Planaren helburua. Izan ere, detekzio-mailarik txikienetakoa duten erkidegoen artean dago EAE.
Planak ez du legezko baliorik, EAEko legedia zaharkituta baitago; 13 urte igaro diren arren, ez da 2006ko Hezkuntzako Lege Organikora (HLOra) egokitu. Premia berezietatik kanpo ordura arte existitzen ez zen talde batean sartu zituen ELOk adimen-gaitasun handiko ikasleak: «Berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleak». EAEko araudia Estatu Espainolekora egokitu ez izanak zalantza ugari eragin dizkie familiei, irakasleei eta Berritzeguneko aholkulariei zenbait gai garrantzitsuri buruz: «adimen-gaitasun handia» kontzeptua (adimen-kozientea eta errendimendua hartzen dira oraindik ere faktore erabakigarritzat, adituek besterik badiote ere azken hamarkadetan); familien partaidetza detekzio-prozesuetan (goragoko mailakoa izaki, horretara behartzen du estatuko legediak, baina EAEkoak ez du jasotzen, estatukoa lehenagokoa delako); neurriak hartzeko ebaluazio psikopedagogikoa egiteko obligazioa (2015eko 236 eta 237 Dekretuen arabera, badirudi ez dagoela obligaziorik), eta ebaluazio psikopedagogiko pribatuen baliozkotasuna (nazioartean ospe handia duten zenbait profesionalen ebaluazioak atzera bota dituzte adimen-gaitasun handiari buruzko trebakuntzarik apenas zeukaten Berritzeguneko aholkulariek).
EAEko administrazioak eta ikastetxeek jarraitu beharreko irizpideak ezartzen ditu argitaratutako plan horrek. Alabaina, edukia nahitaez bete beharrekoa bihurtuko duen araudia behar da, segurtasun juridikoa bermatze aldera.
Gai hori argitu ondoren, azter dezagun atalez atal.
ABIAPUNTUA
Egoera objektiboki ezagutzeko, Berritzeguneko datuak aztertu dira eta ikastetxeetan inkesta bat egiteko agindu zaio ISEI-IVEIri. Emaitzak argiak dira (hala aitortzen du planak berak): aldaketak egin behar dira EAEko adimen-gaitasun handiko ikasleak detektatzeko, identifikatzeko eta artatzeko politikan. Detekzio-prozesu sistematikoa eta irakasleen trebakuntza dira aldaketarik garrantzitsuenak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Planaren 2. puntua irakurri (EAEko adimen-gaitasun handiko ikasleen arretaren azterketa).
«ADIMEN-GAITASUN HANDIA» KONTZEPTUA
Planak gogorarazten digunez, duela jada hamarkada batzuk adituek alde batera utzi zuten honako uste hau: adimena gauza estatikoa da, adimen-kozientearen mendekoa. Garunaren funtzionamenduaz egindako aurkikuntzen ondorioz baztertu zen ikuspegi hori.
Gaur egun, potentzial gisa ikusten da adimen-gaitasun handia, motibazioaren, nortasunaren eta ingurunearen bidez garatu beharreko talentu modura. Definizio horren baitako kasuen heterogeneotasunak zaildu egiten du detekzioa; dena den, badaude zenbait alderdi erkide (oroimen handia, hizkuntza-trebezia handia, arrazoibidea, elkarrizketa, ideia desberdinak uztartzeko gaitasuna, sormena, sentikortasun handiagoa…), guztiak ere garunaren konfigurazio desberdin baten ondorio.
Legeria guztietan, norberaren talentua garatzea da hezkuntzaren helburu nagusia. Adimen-gaitasun handiko ikasleek ingurune egokia behar dute; halakorik ezean, motibazioa galtzen dute, axolagabekerian erortzen dira edo jokabide disruptiboei ekiten diete. 2003az geroztik Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialak eta beste zenbait erakundek diotenez, gizartearen ardura da adimen-gaitasun handiaren garapena, bai etorkizunak ekarriko dizkigun erronkengatik, bai eta, ekitate-printzipioa dela medio, berezko eskubidea izateagatik ere.
Informazio gehiago nahi izanez gero, irakurri Planaren 3. puntua (Kontzeptualizazioa) eta Europako Batzordearen Irizpena esteka honetan:
https://eur-lex.europa.eu/LexUriServ/LexUriServ.do?uri=OJ:C:2013:076:0001:0007:ES:PDF
ESKU-HARTZEAREN PRINTZIPIOAK
Printzipio hauek izan behar ditu oinarri ikasle horiekiko esku-hartzeak:
- Inklusioaren printzipioa
Hezkuntzaren unibertsaltasuna bermatzen du, desberdintasun kulturalak, sozialak eta ikaskuntzaren alorrekoak aintzat hartuz.
- Prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren printzipioa
Haur Hezkuntzatik ezartzen dira zaintza-neurriak, hezkuntzan esku hartzeko estrategia pertsonalizatuak eta eraginkorrak prestatzeko.
- Partaidetzaren eta lankidetzaren printzipioa
Erakundeen, familien, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren alorreko profesionalen artean ondo komunikatutako sareak sortu behar dira.
- Generoaren ikusgarritasuna
Kontuan izan behar da nesken artean zailagoa dela adimen-gaitasun handia detektatzea, eta detektatzen diren kopuruak mutilenak baino txikiagoak izaten direla.
- Hezkuntzako esku-hartzea malgutzea eta pertsonalizatzea
Ikasleen premietara egokitzeko gai den eskola-eredua sortu behar da.
- Irakaskuntza pertsonalizatzea eta dibertsifikatzea
Ikaskuntza-aukera desberdinak sustatu behar dira.
- Hezkuntzako eragileak trebatzea
Zorrotza eta eguneratua izan behar du trebakuntzak.
- Ebaluazioa eta jarraipena
Dagozkion doikuntzak egin behar dira, esku-hartzea eraginkorra izan dadin.
- Aldaketei arreta berezia
Irakasleen edo etapen aldaketek ikasleei kalterik eragin ez diezaieten, jarduerak koordinatu egin behar dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, irakurri Planaren 4. atala.
ADIMEN-GAITASUN HANDIKO IKASLEEN IDENTIFIKAZIOA ETA ARRETA
ZERGATIK DA GARRANTZITSUA DETEKZIOA?
Honetarako da garrantzitsua adimen-gaitasun handia duten ikasleak identifikatzea:
- Ikaslea eta haren ikasteko modua, ezaugarri emozionalak, trebetasunak, baliabideak eta abar ezagutzeko.
- Haren premiak egokiro asetzeko.
- Ahalik eta ikaskuntza-aukerarik zabalena eskaintzeko.
- Garapen emozional egokia sustatzeko.
- Egon daitezkeen oztopoak identifikatzeko.
- Ikaslearen bilakaera naturalari laguntzeko, gizartean eroso bizi dadin.
ZER IZAN BEHAR DA KONTUAN DETEKZIOAN?
Ikaslearen alderdi guztiak hartu behar dira kontuan:
- Adimen-gaitasuna.
- Harreman sozialak.
- Alor emozionala.
- Sormena.
- Motibazioa.
- Ikasteko modua.
Horretarako, test eta proba estandarizatuak erabili behar dira; besteak beste, elkarrizketak (irakasleekin, familiarekin, ikaskideekin eta, jakina, ikaslearekin).
DETEKZIO- ETA IDENTIFIKAZIO-PROZESUA
HAUR-HEZKUNTZA
Gaur egun, badago esku-hartze goiztiarreko protokolo bat, nahitaezkoa, garapen goiztiarreko atal bat barne duena. Orain arte, goiztiartasun-aztarnarik agertuz gero bete behar zen atal hori; bestela, ez. Irakasleek gaitasun handiez duten prestakuntza eskasa dela eta, tresna horrek ez du balio detekzioa areagotzeko; izan ere, oso kasu gutxi detektatzen ziren haren bidez. Beraz, nahitaezkoa izango da aurrerantzean ikasle guztientzat, eta itemak berrikusi egingo dira.
LEHEN ETA BIGARREN HEZKUNTZA
Planaren helburua da detekzio-prozesu sistematiko bat ezartzea (beste autonomia-erkidego batzuetan erabiltzen da, jada). Prozesuaren baliozkotasuna egiaztatzeko, berriz, proba pilotu bat egingo da zenbait ikastetxerekin sortutako lagin batean. Hiru fase izango ditu prozesuak.
Lehen fasea: iragaztea
Lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako 1. ikasturtean egingo da.
Behaketa oinarri duela, tutoreak nahitaezko galde-sorta bat bete behar du, orientatzailearen laguntzarekin. Adimen-gaitasun handiko ikasleen ezaugarriei dagozkien adierazleak izango ditu galde-sortak; eta, horren osagarri, familien informazioa erabiliko da iragazketa-fasean nabarmentzen direnekin.
Planean jaso dira iragazketan kontuan izan beharreko alderdiak, bai eta galde-sorten ereduak ere, Eranskinen atalean.
Hurrengo fasera igaroko dira puntuaziorik handienen % 70 gainditzen duten ikasleak. Dena den, adimen-gaitasun handiaren ezaugarriak eta berariazko premiak behatu orduko ekin behar zaio esku-hartzeari, detekzio-prozesu guztia amaitu zain egon gabe.
Bigarren fasea: berariazko detekzioa
Ikastetxean egin behar da, irakasle tutorearen, aholkulariaren edo orientatzailearen eskutik.
Zenbait proba espezifiko egin behar dira (Planean zerrendatuta daude), ikasle bakoitzaren profila zehazteko. Adimen-gaitasun handiko ikasleen ezaugarriekin bat baldin badator profila, balorazio psikopedagogikoa egitea gomendatu behar da. Berritzeguneek egin behar dute balorazioa, irakasle, aholkulari eta orientatzaileen laguntzarekin.
Hortik aurrera, atzemandako premiak asetzeko esku-hartze bat prestatu behar du ikastetxeak.
Hirugarren fasea: balorazio psikopedagogikoa
Berritzeguneko hezkuntza-premia bereziei buruzko aholkularitzek egin behar dute balorazioa, testak eta ebaluazio-prozesu pertsonalizatuak erabiliz.
Ikasle hauek igaroko dira fase horretara:
- Bikaintasun bikoitza duten ikasleak (gaitasun handia eta dislexia/Asperger/ADHN…).
- Kronologikoki dagokiena baino gaitasun-maila askoz handiagoa dutenak.
- Aurreko balorazioa egiteko zailtasunak dituztenak norberaren egoera dela eta.
- Ohiz kanpoko neurriak behar dituztenak (maila igotzea).
Hainbat tresna erabili behar dira ebaluazioa egiteko (Planean dator zerrenda), ikaslearen zenbait alderdi kognitibo, sozial eta emozionali buruz informazioa eman dezaten.
Ebaluazio pribatuak
Puntu hau sakonago jorratu behar da; izan ere, gure ustez Plana anbiguoa da ebaluazio horien baliozkotasunari dagokionez.
Planaren arabera, familiek edozein eskola-etapatan aurkez ditzakete adimen-gaitasun handia dagoela dioten ebaluazioak (eskolaz kanpoko profesionalek eginak). Berritzeguneetako hezkuntza-premia berezien gaineko aholkularitza-zerbitzuek baliozkotu beharko dituzte ebaluazio horiek. Baina, zer irizpideren arabera jo daiteke baliozkotzat ebaluazio bat? Ez Planak, ez araudiak ez dute zehazten. Zer adierazi behar duten, hori besterik ez diote batak nahiz besteak: egin diren probak, eta haien emaitzak eta karatulak. Beraz, azken urteotan pairatu dugun ziurgabetasunera itzultzeko arriskuan gaude Berritzegunearen eta eskolaz kanpoko profesionalaren ebaluazioak bat ez badatoz.
Familia eta detekzio-prozesua
HLOak agintzen duenez, familiek parte hartu behar dute beren semearen edo alabaren hezkuntza-prozesuei eragiten dieten erabakietan, eta aholkularitza eta informazioa jaso behar dute.
Planak dio familiarekiko elkarrizketak ere tresna gisa erabili behar direla, testez eta irakasleekiko edo ikaslearekiko elkarrizketez gain. Protokoloaren arabera, fase guztietan esku hartu behar du familiak, detekziotik hasi eta neurrien berrikuspenera arte. Jakinarazi egin behar zaie familiei:
- Zergatik egiten den balorazioa.
- Zein den balorazioaren xedea.
Halaber, probak egiteko onespena eman behar dute familiek, eta emaitzen nahiz proposatzen diren neurrien berri eman behar zaie.
Detekzioaren fase guztietan hitz egin behar dute familiarekin ikastetxeko profesionalek. Dena dela, gure ustez, Planak zehatzago jaso behar luke, protokoloan, ebaluazio psikopedagogikoko prozesuan Berritzeguneko aholkulariek familiekin hitz egiteko premia. Gogora dezagun kasu hauetan bakarrik egingo direla ebaluazioak: apartekotasun bikoitzik baldin badago, kasua konplexua baldin bada edo ohiz kanpoko neurriak behar baldin badira. Ebaluaziotik aurrera hartzen diren erabakietako asko garrantzi handikoak izango dira ikaslearen hezkuntzarako; beraz, familia aintzat hartu behar da prozesu horretan.
HEZKUNTZAKO ESKU-HARTZEA
Esku hartzeko plan pertsonalizatu batean jaso behar dira hartu beharreko neurriak. Esku hartzeko aukera ugari eta askotarikoak daude, eta aztertzen ari garen testuan daude jasota.
Honako alderdi hauek kontuan izatea komeni da:
– Neurrien helburuek zehaztuta egon behar dute (zertarako).
– Zenbait neurri konbinatu ahal eta behar dira (nola).
– Neurrien jarraipena eta ebaluazioa egiteko prozesu bat ezarri behar da.
Informazio gehiago nahi izanez gero, irakurri Planaren 5. atala.
Azkenik, xehetasun hauek ere jasotzen ditu Planak: adimen-gaitasun handien alorrean Hezkuntzako Sailburuordetzak datozen urteetarako ezarritako helburuak, haiek lortzeko proposatu diren jarduerak eta agiri baliagarrien eranskinak.